Gaueko hamaikak inguru dira, eta loaren atzaparretan ez erortzearren, Louise zaintzaileak prestaturiko kafe goxoari zurrutadatxo txikiak ematen ari naiz. Gaurko gaua atzokoa bezalakoa bada, ezer gutxi egin ahal izango dut lo hartu ahal izateko, beraz onena esna mantentzen saiatzea da, kalean, ziurrenik, gertatuko diren borrokak ikusiz.
Etxe aurreko zuhaiztian zehar begiratu eta Yossef ikusi dut berriz ere, oraingoan ere etxerantz joango da, beste egun bat alferrik galdu duelako sentsazioarekin. Nire leihoaren parean kalea gurutzatu duenean, buruaz keinu bat egin dit, agur gisa. Bere aurpegiko eta begietako espresioaren berezitasunak bere barnean aldaketaren bat jazo delako susmoa piztu dit, beste norbaiten begirada galdu eta esperantza gabearen antza hartu baitu bere begiradak. Bart preso egin zutenetako baten etsipenezko begiradaren antza du. Une horretan burua jiratu du, nire begirada saihestuz, bere egoeraz ohartu naizela jakingo balu bezala, pentsatzen ari dena jakiteko gai naizela uste balu bezala.
Goizaldeko ordu bata da, kanpandorreko kanpai-hotsak behin bakarrik egin baitu burrunba gure auzuneko kale eta bazter hutsen artean. Lasaitasuna da nagusi kalean oraingoz, baina gaurkoa ere ez ote den belztuko beldur naiz.
Iluntasunaren mugarantz begiratu eta burua zapiez estalirik eta makurturik korrika datozen zenbait gazte ikusi ditut. Jantzirik daramatzaten adidas galtzen barrenak zuloz josirik eta aurpegiak neguko bufanda zaharrez estalirik lasterka bizian datoz zenbait auto kalean gurutzaturik dauden tokira. Bertara iritsi baino lehen jendarmeen ibilgailu blindatu bat bihurgunean agertu da, ziztu bizian gazteen atzetik abiatu delarik.
Gazteek, ibilgailuaren gertutasuna ikusirik, nire pare-parean dauden autoen atzean babestea erabaki dute, eta jendarmeak igarotzea eragozteko bizkar-zorroetan zeramatzaten erregai botilak atera eta autoak busti dituzte, beste gazte batzuek kristalak apurtzen dituzten bitartean. Jendarmeen gertutasuna ikusirik, presaka su ematen hasi dira, eta horretan ari zirelarik sua auto batetik erregai hondar batean zehar gazteetako baten oineraino iritsi dela ohartu naiz, eta hura ohartzerako sutan hasi dela. Gainerakoak jendarmeen gertutasunaz jabetu eta lasterka abiatu dira. Sutan dagoen mutila, ordea, lurrean dabil arrastaka, herio zoroan, suak errukirik gabe bere hanka irensten dion bitartean.
Lurrean etzanda dagoen gaztearen egoeraz jabeturik, ibilgailutik gizon bat irten da, eta ziztu batean abiatu da lurreko gaztearen gainera, ezohiko amorruz. Haren aurrera iristean barre algara ozena egin du, ezaguna zaidan barre algara… Merovingo sarjentua da! Bere bisaian keinu arraro bat nabaritu dut, erdi erotuta egongo balitz bezala. Lurrean sutan dagoen gaztea itzaltzen saiatu beharrean, lepotik heldu dio zakarki, eta lurretik apur bat altxaturik duenean aurpegiko zapia kendu dio, bere nortasuna agirian utziz. Youssef da! Pierrek orduan, indar kontrolaezin baten mende balego bezala, zorrotik borra atera eta bere buruaz gaindi altxatu du, mehatxu eginez.
-Hara, hara…. Gure atzoko mozkor txikia da eta. Oraintxe bertan bidaliko zaitut mozkorraldi horiengatik hire jainkoarekin gauzak argitzera. Jajajaja!
-Ez, mesedez ez. Ez nazazu hil, ez naz…
Bat-batean Youssefen ahotsa eten duen kolpe gogor eta lehor bat aditu da, Youssefen garezurrak mila puskatan haustean egindakoa. Pierrek, eroaldiak zeharo jota, Youssefen gorpua askatu eta errepidearen gainean utzi du, odol epela bere bekokian behera irristatzen den bitartean eta bere gorputza sugarrek jaten duten bitartean. Poliki-poliki borra zorroan gorde du, barre egiteari utzi gabe.
Hau zorigaitza, beti izango da berdin… Inoiz ez dugu duintasun eta justizia apur bat lortuko. Ezin dezaket honela jarraitu, iluntasunean eskua mahai gainera luzatu eta ginebra botila bat aurkitu dut, bitan pentsatu barik bi tragotan hustu dut, burua aztoratzen didaten pentsamenduak erauzi eta lo sakon batean erortzeko.