Tue 20 Mar 2007
Fraternité, Égalité, Liberté (lehenengo atala)
Posted by eagirre under Istoriotxoak, Sailkatugabeak
Kaixo blogzaleok! Eñaut Agirre nauzue, Jakintza Ikastolako ikasle bat, eta honako hauxe da nire bloga. Azkenean, eta espero dezagun definitiboki izango dela, martxan jarri ditugu jakintzazu komunitateko blog guztiak, eta nik pertsonalki mendiko gauzen inguruan idatziko dizuet; eta noizik eta behin, nire ipuintxo edo idazlantxoren bat idatziko dizuet, jarraian doakizuen honako hau bezala.
Beste behin, sirena hotsak esnarazi nau, burua luzatu eta kalera begiratzean ohikoa bilakatu zaidan egoera errepikatzen dela ohartu naiz. Gazte gizajo horiek, berriro ere euren ezintasun eta amorrua autoetan pausatzen. Bat, bi eta hiru auto ikus ditzaket sutan, horien artean jendarmeriaren auto bat. Gaueko 11:38 dira eta jada honelako aztoramena sortu zaigu auzoan. Gaurko gaua zaratatsu samarra izango delakoan nago.
Badirudi Paris osoa sutan dagoela, urteetan barnean gordetako energia eta haserrea bat-batean askatu behar balitu bezala. Autoak sutan, zuhaitz bakanak ketik ihesi eta suhiltzaileak sugarren aurkako borroka etengabean. Begirada beste alderantz zuzendu eta Clichy sous Bois auzuneko ke-ilara ikaragarriak ikus ditzaket, hangoak bai izan behar duela eromena. Ezkerraldera begiratu eta Eiffel Dorrea ageri da, hiritar dirudunen bizileku diren auzoak… Aberats guztiak euren etxeetan babestuak egongo dira, autoak garajeetan ongi gordeak dituztelarik. Eta bitartean gazte hauek hemen, mundua, edo euren eguneroko bizitza, eraldatzeko ahalegin betean, hori lortzeko modu bakarra autoak erretzea iruditzen zaielarik.
Nire soa kalean behera ikusi dudan oinezko batek erakarri dit, kiskalitako autoen artean axolagabe oinez doan gazte bat dirudi. Ez du burua aldeetara biratu zenbait txinparta txupa zarpailduaren bizkarraldea erretzekotan izan direnean, ezta auto baten gasolina deposituak eztanda egitean ere ez du bizirik egotearen arrastorik erakutsi, oinez dabilen hildako baten antza du. Jendarmeen eta suhiltzaileen autoen ingurutik igarotzean berokiaren lepoa jaso eta bere aurpegia ezkutatu du, ezagutua izan nahiko ez balu bezala.
Adi-adi begiratu dut eta ohartu naiz gure auzotar Youssef dela, mutil atsegin eta jatorra nire irudiko. Ez ahal zen ezer txarrean ibiliko! Jendarmeetako baten ondotik pasatzean berokiaren azpian ezkutaturik zer edo zer daraman imintzioa egin du Youssefek. Hasieran keinuari erreparatu ez dion arren, dagoeneko ezaguna zaidan Pierre Merovingo sarjentuak susmoren bat hartu dio nonbait, gelditzeko oihu egin baitio ahots zakarrez.
-Hator hona segituan! Ez nagok umoreko eta erakutsidak zamarra azpian zer daramaan edo polizia-etxera joango haiz segituan.
-Nik ez dut ezer, etxera noa, besterik ez.
-Zer esan duk? Hona etortzeko esan diat, bestela sekulako muturrekoa jasoko duk, beltz zikin horrek.
-Ez daramadala bada ezer.
-Ez eeee? Orduan atera itzak eskuak berokipetik.
Une horretan Youssefek eskuak atera dituela dirudi, ezin ikus dezaket zer atera duen esku artean, baina Pierreri nahiko barregarri iruditu zaiola dirudi.
-Jajajajaja! Ei, mutilak, begira ezazue honako “musulman” honek zer zeraman, vodka botila bat.Jajajaja!
-Ez da niretzat…
-Lasai txo, nire aurrean ez daukak desenkusatu beharrik, hire jainko horren aurrean desenkusatu beharko duk. Tira, segi ezak. Alde egintzak nire aurretik iritziz aldatu eta atxilotu aurretik.
Burua makurtu eta Merovingo sarjentuaz bere barnerako gaizki esaka etxerako bidea hartu du Youssefek. Oraindik ezin uler dezaket nolatan ez dion botila buruan lehertu handiuste horri. Beno, banoa lotara, bestela egun osoa loguraz igarotzen dut eta.


March 20th, 2007 at 11:09 am
kaixo agirre!! bueno ez biziau asko blogen kontu honekin ee!! XD bnga agurr!!!