Larunbat honetan eta, egia esan behar bada, goiz samar, Euskal Herri osoa zeharkatzen ari den Korrikak egin zigun bisita. Aurtengo honetan Korrikaren 15. edizioa da ospatzen ari dena, Karrantzan eman zitzaion hasiera ostiralean eta apirilaren 1a arte herriz herri eta bidez bide ibiliko da euskararen mezua zabaltzen. Aurten AEKren helburua euskal emakumea omentzea izan da, mendeetan zehar euskararen eta euskal kulturaren transmisioa ziurtatzerakoan izan duen garrantzia ezagutarazteko. Araban barrena ibili eta Gasteiztik pasa ondoren, Goierrin sartu zen Korrika larunbatean oraindik ilun zela. Segura, Idiazabal, Lazkao eta abarretatik igaro ondoren, Ordizian CAFen zehar sartu zen lekukoa, sekulako jendetza zegoelarik zain. Guk, ikastolako ikasleok, gure hondar alea jartzeko bidean kilometro bat erosi genuen, eta larunbatean niri egokitu zitzaidan lekukoa eramatea. Ezin imajina dezakezu zelako tentsioa jasan nuen! Ibilbidean zehar hainbat eta hainbat aldarrikapen ikusi ziren, AHTren aurkakoak, presoen aldekoak, Oianguko golf eta hotel proiektuaren aurkakoak… Goiz-goiz altxatu zen jende horri guztiari sari bat eman nahian, Ordiziako Korrika batzordekook txokolate-jana prestatzea erabaki genuen, honela hotzari eta eguraldi txarrari aurre egin eta gorputzak epeltzeko. Blai eginda eta hotzak dardarka iritsi baginen ere, korrikalari gehienok elkartu ginen Plaza Nagusian, eta txokolate beroa esku batean eta tostada goxoak bestean, giro bikaina sortu zen herriko plazan.

Heldu Korrikari, heldu Herriari, heldu euskarari!!

P.D. Argazki gehiago ikusi nahiz gero, sartu Korrika15en webgunean.

DSC01872