Goizeko 11:00ak dira eta Pierre ohetik jaiki nahian ari da, egunetik egunera denbora gehiago kostatzen zaion arren. Urteen poderioz zahartzen ari den sentipenak egunetik egunera amorrazio handiagoa eragiten dio. Jaiki eta komunera joan da, lasaigarriren bat edo hartzera, atzoko eta aurreko egunetako istiluetan jasotako kolpeen ubeldurek eragiten dioten mina kentzeko asmoz. Atzo gaueko lanaren gogortasunaren aztarnak nabari zaizkio oraindik ere azalean, erredurak, ebakiak… Herritar guztien zerbitzura egon behar omen du, baina argi du berak zer egingo lukeen arabiar zikin horiekin guztiekin: euren jaioterrietara bidali zuzenean, alajaina!

Komunera joan eta nagiak kentzeko aurpegia urarekin garbitu ondoren, leihorantz hurbildu da, bere etxebizitzako balkoira irten eta L’arc de Triomphe ikusi du bere leihoaren aurrean parez pare. Kalera begiratu eta lasaitasuna dela nagusi ikusi du, eskerrak emanez Victor Hugo etorbidean bizi delako eta ez auzo gatazkatsuetako batean. Logelara itzuli eta sukaldera joan da, bere emazte Marie-ri kasu egiteko, musu bat eman eta Le Monde irakurtzen hasi da, orriak batera eta bestera mugituz, istiluen berri ematen duen erreportajea aurkitu arte. Mariek bere besoko zauri baten itxura txarraz oharturik, honela galdetu dio:

-Zer moduz atzo gauean, lan handirik izan al zenuten telebistan agertu diren kabroi horiek guztiak atxilotzen?

-Nahi baino gehiago, gau guztia pasa genuen atxilotu nahian eta hala eta guztiz ere bi soilik harrapatu ditugu. Arratoiek bezala egiten dute ihes, zirrikitu guztiak ezagutzen dituzte eta.

-Eman bada, jo itzazue eta ondoren atxilotu.

-Ez da horren sinplea, kamara mordoa egon ohi da ingurumarietan begira, eta jipoi bat ematen ari garela filmatuko bagintuzte… Hori bai, gaur gauean ez diet barkatuko, baten bati muturra txikitu behar diot.

-Eman, eman zantar horiei. Espero dut den-denak akabatuko dituzula!

Croissant bat jan eta kafesne bero bat hartu ondoren, lanera abiatu da Pierre, garajera jaitsi eta bere BMW berrian igo da. Zenbat atsegin duen motorraren hotsa eta dardara sentitzea, zelako boterea eskuartean. Gainerako autoen artean gidatu eta kale zabal eta errepide hutsetan barrena abiatu da, inortxo ere ez baita ausartzen autoa babespetik ateratzera. Ziztu batean Champes Elisseés igaro eta Charles de Gaulleren etorbidean zehar doa polizia-etxerako bidean.

Polizia-etxe atzealdean autoa utzi ostean, barnera joan da. Bere bulegorainoko bidea egin du lankideen aurpegi gogogabe eta nazkatuak ikusten dituen bitartean. Bere bulegora sartu eta larruzko aulkian eseri da, aurreko gaueko istiluak berriz errepikatzeko joera duten toki arriskutsuenen inguruko informazioa jasotzen duen bitartean. Gaur gauean Clichy sous Bois-ra joatea egokitu zaie, Parisko auzo marjinalenetako batera, hain zuzen ere. Kafe-makinara joan, urdaiazpiko bokadilo bat eta ardo botila txiki bat erosi eta bulegora itzuli da. Bere bazkari xumea egin ondoren, berokia aurpegia estaliz jarri eta siesta egiten geratu da, gauean edukiko duen lan gogorrean pentsatuz, bere buruari gogorrago jokatu behar duela esanez…