Russel eta mende hasierako gainerako mendizale ausartentzat ez bezala, gaur egun mendizale ororentzat glaziar bat zapaltzea sekulako luxua bilakatzen ari da. Zergatik? Ba Pirinioetako glaziarrak historiako egoerarik okerrenean daudelako, bai azalerari eta baita etorkizunari dagokionean ere. Izan ere, 1850 urte inguruan amaitu zen Izotz Aro txikiaren ondoren, etengabeko atzerapena jasan dute glaziarrek, XX. mende honetako tenperatura igoerak (0,6ºCkoa bataz beste) eragin larria izan baitu, erantzule nagusiak gizakiak garelarik. Horrek glaziarren hedadura 1779hakoa izatetik (1890an) 290ha-koa izatera ekarri du (2001ean), hego isurialdean beti ere. Gainera, 1980tik gaur egun arte espainiar pirinioetako glaziar kopurua 27tik 10 izatera igaro da. Pirinioak orokorrean hartuz berriz, azalera galera %85ekoa izan da.

Gaur egun, urte osoan zehar irauten duten elurren azalera honakoa da: 4,14 km2-ko azalera frantziar estatuan, eta espainiar estatuan aldiz (hegoaldea izanik beroagoa denez) 3,63km2-koa. Adibide gisa aipa genezake Monte Perdidoko glaziarra, non mende hasieran serac bidez ongi konektaturiko hiru zatiz osaturik zegoen, gaur egun aztarnak besterik ez diren bigarren zati batez eta erabateko atzerapenean dagoen goi zati batez osaturik dagoelarik. 1894an 556ha azalera zuen glaziarrak, 90ha-koa zuen 1991an eta egun, berriz, 44ha-koa baino ez.

Gaur egungo tenperatura mantenduko balitz, 2050 eta 2070 urteen artean urtuko lirateke glaziarrak. Izan ere, glaziarrak euren bizitzaren azken aldietan motelago txikitzen dira, zokoetan eta orientazio egokiko (gehienbat iparraldera begira) tokietan egoten direlako, beti ere oso altuera handiko eremuetan. Baina datorren mende laurdenean tenperatura 1ºC inguru handituko dela aurrikusi denez, etorkizun beltza dute pirinioetako glaziarrek.