Ez dakit Euskal Herrian oiartzun handirik izango zuen edo ez, baina atzo hiruzpalau orduz Manhattan osoa blokeo egoeran egon zen. Zergatia? Presio ikaragarrizko lurrin hodi baten leherketa Grand Central tren geltokiaren ondoan. Inguru hori jendez lepo egoten denez eta horrez gain behin baino gehiagotan Al-Kaedaren helburu dela entzun dugunez, segituan pentsatu zuen mundu guztiak irailaren 11 berri baten aurrean geundela. Eta ni berriz zer? Ni ordu hartantxe hantxe tokatu behar, tren geltoki horretantxe NYC-ko bisita amaitu eta EEBB-ko familiara bueltatzeko trenaren zain nengoela. Beno, ez ni bakarrik, guztira 39 bat euskal herritar eta kantabriar, tartean beste ordiziar bat, Maite, lehengo urterarte ikastolako ikaslea. Goizean goiz abiatu ginen Connecticut estatutik trenez, ordu eta erdi inguruko bidaia lasaia egin ondoren iritsi ginen benetan ederra den Grand Central Station honetara. Bertatik Times Squarera joan ginen zuzenean, Empire State eta gainerako eraikin famatuak aurreko irteera batean ikusiak baikenituen. Bertan 2ak arte erosketak egiten ibili eta The Lion King musikala ikusi genuen Broadwayn, zirraragarria benetan. Bertatik irten eta afaltzeko asmotan joan ginen tren geltokira, ondoren (6:45 inguruan) trena hartzeko. Ba esan bezala, 6ak inguru ziren eta gu bertan geunden. Trena 6:44an zen irtetekoa, eta bitarte horretan bertako “ristorante” batean afaltzen ari ginen. Badakizue, errazagoa da italiar izena duen jatetxe bat topatzea beste ezer topatzea baino. Bapo jaten ari ginela dendari bat denda ixten ari zela konturatu ginen eta baita ordura arte jendez gainezka zegoen galeria hutsik zegoela ere, eraikuntza osoa ebakuatzen ari ziren! Milaka pertsona abiatu ginen batera kalera, militarrak, anbulantziak, poliziak, FBI, suhiltzaileak eta helikopteroak nonahi zeudelarik. Gu txoko batean geundenez ez ginen segituan ohartu eta azkenak irten ginen bertatik. Halako aztoramen hartan ohikoa zen lurrean motxilak eta jertseak ikustea, eta jendeak beldurrez begiratzen zien, beste bonba bat egon zitekeelakoan (oraindik atentatua izan zela uste genuen). Nik neuk ere bertan utzi nuen estrenatu berri nuen jertse berria, eta ondoren bila itzuli banintzen ere, birritan itzuli ere, ez nuen topatzerik izan.

[kml_flashembed movie="http://youtube.com/v/9-xHNXd88yo" width="425" height="350" wmode="transparent" /]

Hainbeste polizia ezberdinen artean, eta poliziek airera egindako tiroen eraginez (oraindik argitu gabe dago zergatik), segituan sakabanatu zen talde osoa, eta irten eta ni taldekide batekin batera korrika abiatu nintzen 42. kalean barna. 42. kalean behera begiratu eta polizi kamioiak, anbulantziak, suhiltzaileak, autobusak, taxiak eta horren denaren artean jendea korrika ihesi. Beste aldean berriz kea, lurrina eta hauts marroia nahasian. Hasiera batean leherketa gertatu zen tokitik 100 metrora pasa baginen ere, beldurtuegi geunden begira jarri edo argazkiak ateratzeko. Kale bat aurrera egin genuenean ezkerraldera begiratu eta ke mordoa besterik ez zen ikusten, eta bazterretan jendea mugikorrekin argazkiak ateratzen! Pare bat kale gehiago  urrundu ginen eta erabat izuturik utzi ninduen zerbait ikusi nuen, gizon bat kaltzontzilotan, hauts gisako batez estalirik eta urradura mordoarekin. Gainera sekulako brummm hotsa zegoen, kalteturiko eraikina gainera erori behar balitzaigu bezalakoa.

 [kml_flashembed movie="http://youtube.com/v/7RRV1nJYXwY" width="425" height="350" wmode="transparent" /]

Uste dut horixe izan zela gehien beldurrarazi ninduena; hori, edo teilatu batean SWAT-ekoak ziruditen 4-5 frankotiradore ikustea.  Geroxeago ohartu ginen zaratots hori bueltaka zebiltzan helikoptero mordoarena zela. Txoko batera joan eta eseri egin ginen, pixka bat lasaitzen saiatzeko. Orduan ohartu nintzen jertsea galdu nuela eta oso urrun ez zela uste nuenez, apur bat atzeraka hasi ginen, eta eskerrak! Jada biok uste genuen leherkari bat edo izan zela, eraso bat dudarik gabe, eta autobusen bat edo taxiren bat hartzera gindoazen handik urrun ihes egiteko taldekideak ikusi genituenean. Gerora argitu ziguten lurrin hodi bat izan zela, eta zerutik erortzen zen hautsa estoldetako zikinkeria zela, horregatik garbitu behar izan ginen etxera heltzean! Hala eta guztiz ere oraindik ez dago argi hauts-lokatz hori kaltegarria izan litekeen edo ez, zenbait azterketatan amianto arrastoak topatu baitituzte. Dena dela ni behintzat ez nintzen gehiegi zikindu, beste batzuekin alderatuz. Gure gidak handik urrundu gintuen eta azkenean Grand Central Stationera beste tren sarrera batetik (eta luze ibili ondoren) sartu ondoren lortu genuen 7:45k aldera trena hartu eta alde egitea. Tren geltokia horren azkar irekitzea erasoaren aukera segituan baztertu izana izan zen, baina onartu behar dut nik argi nuela gaua bertan igaro beharko genuela. Alde horretatik behintzat erantzuna berehalakoa izan zen. Uste dut ez dudala halako beldurrik inoiz pasa. Jendea negarrez kale bazterretan, denak mobiletik deika, korrika, kaosa hitz batean. Zorionez ez zen ezer gehiago izan eta eskerrak. Esperientzia bortitza izan zela behintzat ezin ukatu! Eta hori bai, gaur bertan joan naiz atzo galdu nuen jertse berdina erostera, benetan gogokoa bainuen eta orain gainera balio historikoa izango du niretzat!

[kml_flashembed movie="http://www.youtube.com/v/XTXGYFKa4bk" width="425" height="350" wmode="transparent" /]

[kml_flashembed movie="http://youtube.com/v/DbDY5ptjVRc" width="425" height="350" wmode="transparent" /]

PD: Hona hemen argazki bilduma dotore bat eta krokis gisako batzuk.

http://www.nytimes.com/2007/07/19/nyregion/19scene.html?hp

http://www.nytimes.com/imagepages/2007/07/19/nyregion/20070719_EXPLODE_MAP.html

http://www.nytimes.com/slideshow/2007/07/18/nyregion/20070719_EXPLODE_slideshow_1.html