Eguneroko bizipenak


Gaukoa egun tristea esnatu da, oso tristea. Batzuei eguraldia etorriko zaie burura, baina hori baino gehiago izan da. Horren tristea, ezen aspaldi honetan utzirik neukan bloga berriro hartzea eragin didan kanpaina bati jarraiki. Berriz ere, hitzak soberan daude…

Euskal ezker independentistako 20 ordezkari inguru atxilotu dituztela-eta, salaketa kanpaina abiatu dugu.

Adierazpenarekin ados bazaude, bat egin ezazu.

Zure blogean, bat-bateko mezularitzan, epostan, Myspacen, Fotologen… freebatasuna hitza duen post bat idatzi besterik ez duzu egin behar.

Adierazpena:
Konponbide demokratiko baten alde: hitzak soberan daude: freebatasuna

Ante la detención de cerca de 20 representantes de la izquierda independentista vasca, hemos iniciado una campaña de denuncia.

Si estás de acuerdo con el manifiesto, únete.

Sólo tienes que colgar un post en tu blog, en mensajería instantánea,e-mail, Myspace, Fotolog… con la palabra freebatasuna.

Manifiesto:
Por una solución democrática, sobran la palabras: freebatasuna

Ez dakit Euskal Herrian oiartzun handirik izango zuen edo ez, baina atzo hiruzpalau orduz Manhattan osoa blokeo egoeran egon zen. Zergatia? Presio ikaragarrizko lurrin hodi baten leherketa Grand Central tren geltokiaren ondoan. Inguru hori jendez lepo egoten denez eta horrez gain behin baino gehiagotan Al-Kaedaren helburu dela entzun dugunez, segituan pentsatu zuen mundu guztiak irailaren 11 berri baten aurrean geundela. Eta ni berriz zer? Ni ordu hartantxe hantxe tokatu behar, tren geltoki horretantxe NYC-ko bisita amaitu eta EEBB-ko familiara bueltatzeko trenaren zain nengoela. Beno, ez ni bakarrik, guztira 39 bat euskal herritar eta kantabriar, tartean beste ordiziar bat, Maite, lehengo urterarte ikastolako ikaslea. Goizean goiz abiatu ginen Connecticut estatutik trenez, ordu eta erdi inguruko bidaia lasaia egin ondoren iritsi ginen benetan ederra den Grand Central Station honetara. Bertatik Times Squarera joan ginen zuzenean, Empire State eta gainerako eraikin famatuak aurreko irteera batean ikusiak baikenituen. Bertan 2ak arte erosketak egiten ibili eta The Lion King musikala ikusi genuen Broadwayn, zirraragarria benetan. Bertatik irten eta afaltzeko asmotan joan ginen tren geltokira, ondoren (6:45 inguruan) trena hartzeko. Ba esan bezala, 6ak inguru ziren eta gu bertan geunden. Trena 6:44an zen irtetekoa, eta bitarte horretan bertako “ristorante” batean afaltzen ari ginen. Badakizue, errazagoa da italiar izena duen jatetxe bat topatzea beste ezer topatzea baino. Bapo jaten ari ginela dendari bat denda ixten ari zela konturatu ginen eta baita ordura arte jendez gainezka zegoen galeria hutsik zegoela ere, eraikuntza osoa ebakuatzen ari ziren! Milaka pertsona abiatu ginen batera kalera, militarrak, anbulantziak, poliziak, FBI, suhiltzaileak eta helikopteroak nonahi zeudelarik. Gu txoko batean geundenez ez ginen segituan ohartu eta azkenak irten ginen bertatik. Halako aztoramen hartan ohikoa zen lurrean motxilak eta jertseak ikustea, eta jendeak beldurrez begiratzen zien, beste bonba bat egon zitekeelakoan (oraindik atentatua izan zela uste genuen). Nik neuk ere bertan utzi nuen estrenatu berri nuen jertse berria, eta ondoren bila itzuli banintzen ere, birritan itzuli ere, ez nuen topatzerik izan.

Hainbeste polizia ezberdinen artean, eta poliziek airera egindako tiroen eraginez (oraindik argitu gabe dago zergatik), segituan sakabanatu zen talde osoa, eta irten eta ni taldekide batekin batera korrika abiatu nintzen 42. kalean barna. 42. kalean behera begiratu eta polizi kamioiak, anbulantziak, suhiltzaileak, autobusak, taxiak eta horren denaren artean jendea korrika ihesi. Beste aldean berriz kea, lurrina eta hauts marroia nahasian. Hasiera batean leherketa gertatu zen tokitik 100 metrora pasa baginen ere, beldurtuegi geunden begira jarri edo argazkiak ateratzeko. Kale bat aurrera egin genuenean ezkerraldera begiratu eta ke mordoa besterik ez zen ikusten, eta bazterretan jendea mugikorrekin argazkiak ateratzen! Pare bat kale gehiago  urrundu ginen eta erabat izuturik utzi ninduen zerbait ikusi nuen, gizon bat kaltzontzilotan, hauts gisako batez estalirik eta urradura mordoarekin. Gainera sekulako brummm hotsa zegoen, kalteturiko eraikina gainera erori behar balitzaigu bezalakoa.

 

Uste dut horixe izan zela gehien beldurrarazi ninduena; hori, edo teilatu batean SWAT-ekoak ziruditen 4-5 frankotiradore ikustea.  Geroxeago ohartu ginen zaratots hori bueltaka zebiltzan helikoptero mordoarena zela. Txoko batera joan eta eseri egin ginen, pixka bat lasaitzen saiatzeko. Orduan ohartu nintzen jertsea galdu nuela eta oso urrun ez zela uste nuenez, apur bat atzeraka hasi ginen, eta eskerrak! Jada biok uste genuen leherkari bat edo izan zela, eraso bat dudarik gabe, eta autobusen bat edo taxiren bat hartzera gindoazen handik urrun ihes egiteko taldekideak ikusi genituenean. Gerora argitu ziguten lurrin hodi bat izan zela, eta zerutik erortzen zen hautsa estoldetako zikinkeria zela, horregatik garbitu behar izan ginen etxera heltzean! Hala eta guztiz ere oraindik ez dago argi hauts-lokatz hori kaltegarria izan litekeen edo ez, zenbait azterketatan amianto arrastoak topatu baitituzte. Dena dela ni behintzat ez nintzen gehiegi zikindu, beste batzuekin alderatuz. Gure gidak handik urrundu gintuen eta azkenean Grand Central Stationera beste tren sarrera batetik (eta luze ibili ondoren) sartu ondoren lortu genuen 7:45k aldera trena hartu eta alde egitea. Tren geltokia horren azkar irekitzea erasoaren aukera segituan baztertu izana izan zen, baina onartu behar dut nik argi nuela gaua bertan igaro beharko genuela. Alde horretatik behintzat erantzuna berehalakoa izan zen. Uste dut ez dudala halako beldurrik inoiz pasa. Jendea negarrez kale bazterretan, denak mobiletik deika, korrika, kaosa hitz batean. Zorionez ez zen ezer gehiago izan eta eskerrak. Esperientzia bortitza izan zela behintzat ezin ukatu! Eta hori bai, gaur bertan joan naiz atzo galdu nuen jertse berdina erostera, benetan gogokoa bainuen eta orain gainera balio historikoa izango du niretzat!

PD: Hona hemen argazki bilduma dotore bat eta krokis gisako batzuk.

http://www.nytimes.com/2007/07/19/nyregion/19scene.html?hp

http://www.nytimes.com/imagepages/2007/07/19/nyregion/20070719_EXPLODE_MAP.html

http://www.nytimes.com/slideshow/2007/07/18/nyregion/20070719_EXPLODE_slideshow_1.html

Aurtengo neguan mendiari loturiko albisteen berri izan dugunean zer edo zer entzun badugu, ski-estazioetako arduradunek elur eskasiaren inguruan luzatu dituzten deien inguruan izan da. Behin baino gehiagotan entzun ahal izan ditugu euren etengabeko larrialdi oihuak, elurrik ez dela, egoerak txarrerako joera duela… Eta, izan ere, ez dabiltza batera oker. Jada eguneroko eta ia familiarteko bilakatu zaigun berotegi efektua da honen eragilea.

Zenbaitek hala uste ez arren, aldaketa klimatikoa bene-benetakoa da eta argi dago eragin izugarriak eta aldi berean ezustekoak eragingo dituela lurrean, batez ere bizi garen eta izango garen XXI. mende honetan. Gainean dugun errealitatea oso gogorra dela ikus bagenezake ere, are eta okerragoak dira azken egunotan Parisen egindako goi-konferentzian ezagutzera emandako datuak: prezipitazioak %3-%15 handituko diren arren, lurreko tenperatura 1,5-2ºC igoko da mende erdirakoe eta beste horrenbeste mende amaierarako. Datozen egunetan gai horixe jorratuk dut nire blogean, besteak beste, klima aldaketaren erantzuleak, ondorioak, neurriak etab. aztertuko ditut. Baina, Pirinioetako ski-estazioak benetako desagertzera kondenaturik ote daude?

(Informazioa: cambio climático global webetik)

Gaur youtuben saltseatzen nenbilela honako bideo bikote hau aurkitu dut (nire musika talde gogokoenetariko batena). Sekulako barreak eragin dizkit, eta zuek ere goza zenezaten utziko dizuet… Ea Negu Gorriak taldea benetan zein den nork asmatzen duen, zaila ezta? Ja,ja. Tira, ongi izan eta ea honako honek aste luuuze hau laburtzeko balio duen.

Russel eta mende hasierako gainerako mendizale ausartentzat ez bezala, gaur egun mendizale ororentzat glaziar bat zapaltzea sekulako luxua bilakatzen ari da. Zergatik? Ba Pirinioetako glaziarrak historiako egoerarik okerrenean daudelako, bai azalerari eta baita etorkizunari dagokionean ere. Izan ere, 1850 urte inguruan amaitu zen Izotz Aro txikiaren ondoren, etengabeko atzerapena jasan dute glaziarrek, XX. mende honetako tenperatura igoerak (0,6ºCkoa bataz beste) eragin larria izan baitu, erantzule nagusiak gizakiak garelarik. Horrek glaziarren hedadura 1779hakoa izatetik (1890an) 290ha-koa izatera ekarri du (2001ean), hego isurialdean beti ere. Gainera, 1980tik gaur egun arte espainiar pirinioetako glaziar kopurua 27tik 10 izatera igaro da. Pirinioak orokorrean hartuz berriz, azalera galera %85ekoa izan da.

Gaur egun, urte osoan zehar irauten duten elurren azalera honakoa da: 4,14 km2-ko azalera frantziar estatuan, eta espainiar estatuan aldiz (hegoaldea izanik beroagoa denez) 3,63km2-koa. Adibide gisa aipa genezake Monte Perdidoko glaziarra, non mende hasieran serac bidez ongi konektaturiko hiru zatiz osaturik zegoen, gaur egun aztarnak besterik ez diren bigarren zati batez eta erabateko atzerapenean dagoen goi zati batez osaturik dagoelarik. 1894an 556ha azalera zuen glaziarrak, 90ha-koa zuen 1991an eta egun, berriz, 44ha-koa baino ez.

Gaur egungo tenperatura mantenduko balitz, 2050 eta 2070 urteen artean urtuko lirateke glaziarrak. Izan ere, glaziarrak euren bizitzaren azken aldietan motelago txikitzen dira, zokoetan eta orientazio egokiko (gehienbat iparraldera begira) tokietan egoten direlako, beti ere oso altuera handiko eremuetan. Baina datorren mende laurdenean tenperatura 1ºC inguru handituko dela aurrikusi denez, etorkizun beltza dute pirinioetako glaziarrek.

Larunbat honetan eta, egia esan behar bada, goiz samar, Euskal Herri osoa zeharkatzen ari den Korrikak egin zigun bisita. Aurtengo honetan Korrikaren 15. edizioa da ospatzen ari dena, Karrantzan eman zitzaion hasiera ostiralean eta apirilaren 1a arte herriz herri eta bidez bide ibiliko da euskararen mezua zabaltzen. Aurten AEKren helburua euskal emakumea omentzea izan da, mendeetan zehar euskararen eta euskal kulturaren transmisioa ziurtatzerakoan izan duen garrantzia ezagutarazteko. Araban barrena ibili eta Gasteiztik pasa ondoren, Goierrin sartu zen Korrika larunbatean oraindik ilun zela. Segura, Idiazabal, Lazkao eta abarretatik igaro ondoren, Ordizian CAFen zehar sartu zen lekukoa, sekulako jendetza zegoelarik zain. Guk, ikastolako ikasleok, gure hondar alea jartzeko bidean kilometro bat erosi genuen, eta larunbatean niri egokitu zitzaidan lekukoa eramatea. Ezin imajina dezakezu zelako tentsioa jasan nuen! Ibilbidean zehar hainbat eta hainbat aldarrikapen ikusi ziren, AHTren aurkakoak, presoen aldekoak, Oianguko golf eta hotel proiektuaren aurkakoak… Goiz-goiz altxatu zen jende horri guztiari sari bat eman nahian, Ordiziako Korrika batzordekook txokolate-jana prestatzea erabaki genuen, honela hotzari eta eguraldi txarrari aurre egin eta gorputzak epeltzeko. Blai eginda eta hotzak dardarka iritsi baginen ere, korrikalari gehienok elkartu ginen Plaza Nagusian, eta txokolate beroa esku batean eta tostada goxoak bestean, giro bikaina sortu zen herriko plazan.

Heldu Korrikari, heldu Herriari, heldu euskarari!!

P.D. Argazki gehiago ikusi nahiz gero, sartu Korrika15en webgunean.

DSC01872