Mendi Ibilaldiak


Pasa berri den Igande honetan goizeko bostetan jaiki eta Pirinioetara abiatu ginen, Euskal Herriarekin muga egiten duen eta euskal pirinioetako inguru ederrenetako batean kokaturik dagoen Anie edo Auñamendi igotzeko. Bertara goizeko 8tan iritsi ginen eta kafesne beroa eta gailetak gosaldu ondoren abiatu ginen, 8:30etan. Ibilbidea eta gainerako aholku eta datuak beste post batean argitaratuko ditut, ohikoa dudan gisan, hala ere, esan argazkietan ikusi daitekeela eguraldi bikaina izan genuela, gailurrera iritsi eta beheraka abiatu ginen bitartean behintzat. Aipagarria den beste gauzetariko bat da ekainean eta udaren atarian garen arren, oraindik ere elur ugari zela, gerritik gora zenbait tokitan. Besterik gabe, hementxe dituzue argazkiak, eta ea ibilbidearen deskribapena laster prestatzen dudan…

Aldiz, irteera honetako bideoak ikusi nahi izanez gero, hemen duzue lehenengoa eta hemen bigarrena.

Aurtengo neguan mendiari loturiko albisteen berri izan dugunean zer edo zer entzun badugu, ski-estazioetako arduradunek elur eskasiaren inguruan luzatu dituzten deien inguruan izan da. Behin baino gehiagotan entzun ahal izan ditugu euren etengabeko larrialdi oihuak, elurrik ez dela, egoerak txarrerako joera duela… Eta, izan ere, ez dabiltza batera oker. Jada eguneroko eta ia familiarteko bilakatu zaigun berotegi efektua da honen eragilea.

Zenbaitek hala uste ez arren, aldaketa klimatikoa bene-benetakoa da eta argi dago eragin izugarriak eta aldi berean ezustekoak eragingo dituela lurrean, batez ere bizi garen eta izango garen XXI. mende honetan. Gainean dugun errealitatea oso gogorra dela ikus bagenezake ere, are eta okerragoak dira azken egunotan Parisen egindako goi-konferentzian ezagutzera emandako datuak: prezipitazioak %3-%15 handituko diren arren, lurreko tenperatura 1,5-2ºC igoko da mende erdirakoe eta beste horrenbeste mende amaierarako. Datozen egunetan gai horixe jorratuk dut nire blogean, besteak beste, klima aldaketaren erantzuleak, ondorioak, neurriak etab. aztertuko ditut. Baina, Pirinioetako ski-estazioak benetako desagertzera kondenaturik ote daude?

(Informazioa: cambio climático global webetik)

Russel eta mende hasierako gainerako mendizale ausartentzat ez bezala, gaur egun mendizale ororentzat glaziar bat zapaltzea sekulako luxua bilakatzen ari da. Zergatik? Ba Pirinioetako glaziarrak historiako egoerarik okerrenean daudelako, bai azalerari eta baita etorkizunari dagokionean ere. Izan ere, 1850 urte inguruan amaitu zen Izotz Aro txikiaren ondoren, etengabeko atzerapena jasan dute glaziarrek, XX. mende honetako tenperatura igoerak (0,6ºCkoa bataz beste) eragin larria izan baitu, erantzule nagusiak gizakiak garelarik. Horrek glaziarren hedadura 1779hakoa izatetik (1890an) 290ha-koa izatera ekarri du (2001ean), hego isurialdean beti ere. Gainera, 1980tik gaur egun arte espainiar pirinioetako glaziar kopurua 27tik 10 izatera igaro da. Pirinioak orokorrean hartuz berriz, azalera galera %85ekoa izan da.

Gaur egun, urte osoan zehar irauten duten elurren azalera honakoa da: 4,14 km2-ko azalera frantziar estatuan, eta espainiar estatuan aldiz (hegoaldea izanik beroagoa denez) 3,63km2-koa. Adibide gisa aipa genezake Monte Perdidoko glaziarra, non mende hasieran serac bidez ongi konektaturiko hiru zatiz osaturik zegoen, gaur egun aztarnak besterik ez diren bigarren zati batez eta erabateko atzerapenean dagoen goi zati batez osaturik dagoelarik. 1894an 556ha azalera zuen glaziarrak, 90ha-koa zuen 1991an eta egun, berriz, 44ha-koa baino ez.

Gaur egungo tenperatura mantenduko balitz, 2050 eta 2070 urteen artean urtuko lirateke glaziarrak. Izan ere, glaziarrak euren bizitzaren azken aldietan motelago txikitzen dira, zokoetan eta orientazio egokiko (gehienbat iparraldera begira) tokietan egoten direlako, beti ere oso altuera handiko eremuetan. Baina datorren mende laurdenean tenperatura 1ºC inguru handituko dela aurrikusi denez, etorkizun beltza dute pirinioetako glaziarrek.

Gaurkoan Euskal Herriko mendikate zaharrenetariko bati buruz arituko natzaizue, bere jatorri paleozoikoa dela eta beste inon aurki ezin genitzakeen materialak dituena, Euskal Herrian granitoz osaturik dagoen mendikate bakarra baita. Aiako Harriako parke naturala Pirinioen jarraipen gisa agertzen zaigu, Gipuzkoaren ekialdean kokaturik. Oso ingurune aldapatsua da, eta horrek ahalbidetu du hainbat espezie bereziren biziraupena, gaur egun oso eskasa den izokinarena kasu. Lurralde zabalagoa hartzen duen arren, bere ezaugarri edo bereizgarri nagusia hiru tontor nagusiak dira: Irumugarrieta, Txumurrurru eta Erroilburu. Honako honetarako igoera deskribatuko dizuet jarraian, Aritxulegiko gainetik abiatuz. Hala ere, informazio gehiago eduki nahi izanez gero, jo ezazue Aiako Harriaren parke naturalaren web orrira.

Erroilburu Aritxulegitik:

Erroilburu Aiako hiru tontorren artean altuena da, bere garaiera 836m-koa delarik. Bere garaiera oso altua ez den arren, honako gailur honek baditu zenbait zailtasun. Izan ere, ez dauka aldapa malkartsu edo “paretarik” gabeko igoerarik, alde guztiak ditu oso aldapatsuak, hauen artean aipagarriena hego-mendebaldekoa izanez, 200 metroko eroraldiarekin. Guk jarraitu genuen bideak, bide errazena eta ongien markaturikoa izatearen abantaila zuen, nahiz eta bustia egonez gero oso labaingarria izan litekeen. Gainera, oso gomendagarria da bidezidorretik ez urruntzea, hori eginez gero igoera asko zaildu bailiteke.

Igoeraren abiapuntura, Aritxulegiko Lepora, errepidez iristen da; alde batetik Oiartzundik Ergoiena edo Lesakarantz hartuz, edota bestela Lesakatik Oiartzun aldera joz. Bi puntu hauen arteko mendatea da Aritxulegi eta ibilbidea mendatearen punturik altuenean dagoen tunelaren ondotik abiatzen da. Honen eskuinetara dagoen pista aurrera joanez iritsiko gara Gudariei ohore egiteko kokatua dagoen oroitarrira. Hau pasa eta aurrera jarraitu beharko dugu, aldapan gora eginez.

200 bat metroko desnibela egin ondoren, bidegurutze batean aurkituko gara. Une honetan ez dugu bidean aurrera egin beharko, ezta ezkerrera ere, eskuinera hartu beharko dugu. Izan ere, aurrerantz joz gero Elurretxe delakora iritsiko gara, eta ezkerrera joz gero berriz, errepidera, honako hau igoera alternatibo bat baita. beste tarte luze samar batean gora eginez Erroilbideren paretaren oinera helduko gara, izen bereko lepora.

Hemen, ezkerretara jo beharko dugu, gainerako bide zailagoak alde batera utziz. Tarte labur batean hemendik jarraitu ondoren, eskuinetara jo beharko dugu, ongi markatutako bizidorrean zig-zag eginez tontorrera iristeko. Bertatik ikuspegia zoragarria da, alde batetik itsaso ingurua, Bidasoa ibaia, Hondarribiako badia, Donostia, Pasaiako portua… Eta beste alde batetik Pirinioak, Saioa, Orhi, Hiru Erregeen Mahaia…

FITXA TEKNIKOA:

  • GARAIERA ETA DESNIBELA: Tontor honen desnibela 836m-koa da, baina egin beharreko desnibela 400m ingurukoa. Izan ere, Aritxulegiko mendateak 458m ditu gutxi gorabehera.m
  • DENBORA: Ibilbide hau egiteko nahikoa izango da 3 ordu inguru, igo eta jaitsi egiteko.
  • ZAILTASUNA: Aparteko zailtasunik ez duen arren, distantzia laburreko ibilbidea izateak oso malkartsu egiten du ibilbidea. Gainera, bidea hezea dagoenean edo bustia dagoenean arretaz ibili behar da erorikoak saihesteko.
  • NON JAN EDO OSTATU HARTU: Ibilbide honez gain besteren bat egin nahi izanez gero, aukera ezin hobea eskaintzen du urte guztian irekita dagoen Arritxulo babeslekuak. Bertan bazkari legea egiteko aukera izateaz gain, babesteko, atseden hartzeko eta, nahi izanez gero, ostatu hartzeko aukera dago. Izan ere, taberna-janlekuaz gain beste eraikuntza bat dago, eta bertan kokatzen dira logelak. Hona hemen babeslekuaren edo refugioaren informazioaz gain zenbait ibilbideren ezaugarriak eskaintzen dizkigun web orria, Arritxulo babeslekuarena alegia.

Hona hemen Igaratzan 2005eko ekainean egin genuen egonaldiko zenbait argazki, “espedizio” honetan parte hartu genuenok, meritu bereziko zerbait egin genuen: mendi bati izena jarri genion, Ttukunarri hain zuzen ere. Honako mendi honek 1273m-ko garaiera du, eta Pardarriren magalean dago kokatua. Mendi hura idetifikagarria izan zedin berriz, gurutze gisako bat paratu genuen tontorrean, honela “gure” mendia lau haizeetara zabaltzeko helburuarekin, benetan ederra baita tontor hau.

Gaurko honetan Aralarko mendikateko mendirik altuena denerako igoera errazena, edo lauena behintzat, proposatzen dizuet; Irumugarrietarako igoera hain zuzen ere. Zailtasun handirik gabea izangatik ere, sekulako edertasunaz gozatzeko aukera ematen digun mendia da honako hau, sekulako ikuspegiak eskaintzen dituelako tontorretik eta baita bidearen edertasunagatik ere.irumugarrieta-bakarrik-izenarekin.jpg

IBILBIDEA: Autoa Guardetxeko aparkalekuan utzi ondoren, honen amaieran abiatzen den pistan zehar abiatu beharko gara. Honako ibilbide hau itxita dago ibilgailuentzat, teorian behintzat, nahiz eta zenbait artzaini giltza eman zaien eta euren 4×4 handietan dabiltzanean sustoren bat edo beste eman diezaguketen. Bide honetan aurrera jarraitu beharko dugu, beti ere ibilbidetik urrundu gabe, eta tarte luze batean oso-oso laua izango da bidea.

Hamarren bat minutu oinez egin ondoren, interesgarria izan daitekeen puntu batera iritsiko gara: argiune zabal bat ikusiko dugu eskuinetara zabaltzen den basoaren erdian, eta toki horrexen parean baina ezkerrean cromlech bat aurki genezake, brontze arokoa. Beste 15-20 minutuz bidean aurrera jarraitu eta garai batean aparkaleku zahar bat izan zena ikusiko dugu parez pare, Pagomari delakoa. Puntu hau igarota pasa beharko dugu eguneko lehen aldapa, berrehunen bat metrokoa. Bidean aurrera jarraituz gero, ezker-eskuin zenbait zulo sakon ikusiko ditugu, elur-zuloak. Hauek neguan elurra pilatzeko erabiltzen ziren, gero udan gaixoekin eta erabilia izan zedin izotz hori. Pagomari igaro eta 20 minutura bidegurutzuetarako batera iritsiko gara, eta bertan, pistan aurrera jarraitu beharrean, ezkerretara hartu beharko dugu, belardian zehar eta 300 metro ingurura geratzen den lepora iritsi arte. Bertatik aldapan behera jarraitu eta Igaratzako babeslekuetara helduko gara, bai publikoetara eta bai Aralarko Adiskideena kokatua dagoen tokira.

Bidezidorrari jarraiki, aurrerago bidea 2 pistatan banatzen dela ikusiko dugu, batak ezkerrera eta behera egiten duelarik eta besteak eskuinera eta gora. Hain zuzen ere, azken hau da guk jarraitu beharrekoa. Bide honi jarraituz gero, ondoren zenbait bidexkatan adarkatuko dena, eta une oro Irumugarrieta mendia begi-bistan dugularik (pare-parean dagoena, mendi handiena eta puntan zilindro bat duena), erraz lortuko dugu tontorrera iristea, tartean dauden cromlech, trikuharri eta harrespila bikainetan ezinbesteko geldialdiak egin ondoren.

Tontorrera iristeko berriz, Nafarroa eta Gipuzkoa banatzen dituen hesiaren gainetik salto egin beharko dugu, beste 200 metroren ondoren gailurrera iristeko, ordu bete eta 50 minutuko ibilbidearen ondoren (geldialdi barik). Espero daitekeen bezala, bertatik ikus daitekeen ikuspegia zoragarria da, jarraian datorren bideo honetan, egunsentian grabatua izan zena, nabari daitekeen bezala.

Bertatik bikain ikusten dira Pirineoak, Aizkorri, Urbasa, Andia, Anboto, eta egun oso garbietan, baita itsasoa ere. Itzulerarako igoerako bide bera erabiltzea da ohikoena, nahiz eta Unako putzuan zehar beste ibilbide bat badagoen… Baina, hori beste baterako utziko dugu!

FITXA TEKNIKOA:

  • Garaiera eta desnibela: 1432m ditu eta desnibela berriz 370m-koa da.
  • Denbora: Geldialdiekin eta lasai ibilita 4 ordu pasatxo.
  • Nola iritsi?: Andoaingo A-15 autobidean zehar joan eta Lekunberriko irteeran irten, bertan Aralarko Mikelen baselizara eta Baraibarrera doan bidea hartzeko.
  • Zailtasuna: Oso erraza, bai teknikotasun aldetik eta baita malda aldetik ere.
  • Ura: Bidean puntu batean soilik aurkituko dugu ura, erdibidean geratzen den Igaratzako zonaldean, beraz, ur-botilak betetzeko toki bikaina.carreteras_04-aralarmoztuta2.jpg