Aralarkoak


Hona hemen Igaratzan 2005eko ekainean egin genuen egonaldiko zenbait argazki, “espedizio” honetan parte hartu genuenok, meritu bereziko zerbait egin genuen: mendi bati izena jarri genion, Ttukunarri hain zuzen ere. Honako mendi honek 1273m-ko garaiera du, eta Pardarriren magalean dago kokatua. Mendi hura idetifikagarria izan zedin berriz, gurutze gisako bat paratu genuen tontorrean, honela “gure” mendia lau haizeetara zabaltzeko helburuarekin, benetan ederra baita tontor hau.

Gaurko honetan Aralarko mendikateko mendirik altuena denerako igoera errazena, edo lauena behintzat, proposatzen dizuet; Irumugarrietarako igoera hain zuzen ere. Zailtasun handirik gabea izangatik ere, sekulako edertasunaz gozatzeko aukera ematen digun mendia da honako hau, sekulako ikuspegiak eskaintzen dituelako tontorretik eta baita bidearen edertasunagatik ere.irumugarrieta-bakarrik-izenarekin.jpg

IBILBIDEA: Autoa Guardetxeko aparkalekuan utzi ondoren, honen amaieran abiatzen den pistan zehar abiatu beharko gara. Honako ibilbide hau itxita dago ibilgailuentzat, teorian behintzat, nahiz eta zenbait artzaini giltza eman zaien eta euren 4×4 handietan dabiltzanean sustoren bat edo beste eman diezaguketen. Bide honetan aurrera jarraitu beharko dugu, beti ere ibilbidetik urrundu gabe, eta tarte luze batean oso-oso laua izango da bidea.

Hamarren bat minutu oinez egin ondoren, interesgarria izan daitekeen puntu batera iritsiko gara: argiune zabal bat ikusiko dugu eskuinetara zabaltzen den basoaren erdian, eta toki horrexen parean baina ezkerrean cromlech bat aurki genezake, brontze arokoa. Beste 15-20 minutuz bidean aurrera jarraitu eta garai batean aparkaleku zahar bat izan zena ikusiko dugu parez pare, Pagomari delakoa. Puntu hau igarota pasa beharko dugu eguneko lehen aldapa, berrehunen bat metrokoa. Bidean aurrera jarraituz gero, ezker-eskuin zenbait zulo sakon ikusiko ditugu, elur-zuloak. Hauek neguan elurra pilatzeko erabiltzen ziren, gero udan gaixoekin eta erabilia izan zedin izotz hori. Pagomari igaro eta 20 minutura bidegurutzuetarako batera iritsiko gara, eta bertan, pistan aurrera jarraitu beharrean, ezkerretara hartu beharko dugu, belardian zehar eta 300 metro ingurura geratzen den lepora iritsi arte. Bertatik aldapan behera jarraitu eta Igaratzako babeslekuetara helduko gara, bai publikoetara eta bai Aralarko Adiskideena kokatua dagoen tokira.

Bidezidorrari jarraiki, aurrerago bidea 2 pistatan banatzen dela ikusiko dugu, batak ezkerrera eta behera egiten duelarik eta besteak eskuinera eta gora. Hain zuzen ere, azken hau da guk jarraitu beharrekoa. Bide honi jarraituz gero, ondoren zenbait bidexkatan adarkatuko dena, eta une oro Irumugarrieta mendia begi-bistan dugularik (pare-parean dagoena, mendi handiena eta puntan zilindro bat duena), erraz lortuko dugu tontorrera iristea, tartean dauden cromlech, trikuharri eta harrespila bikainetan ezinbesteko geldialdiak egin ondoren.

Tontorrera iristeko berriz, Nafarroa eta Gipuzkoa banatzen dituen hesiaren gainetik salto egin beharko dugu, beste 200 metroren ondoren gailurrera iristeko, ordu bete eta 50 minutuko ibilbidearen ondoren (geldialdi barik). Espero daitekeen bezala, bertatik ikus daitekeen ikuspegia zoragarria da, jarraian datorren bideo honetan, egunsentian grabatua izan zena, nabari daitekeen bezala.

Bertatik bikain ikusten dira Pirineoak, Aizkorri, Urbasa, Andia, Anboto, eta egun oso garbietan, baita itsasoa ere. Itzulerarako igoerako bide bera erabiltzea da ohikoena, nahiz eta Unako putzuan zehar beste ibilbide bat badagoen… Baina, hori beste baterako utziko dugu!

FITXA TEKNIKOA:

  • Garaiera eta desnibela: 1432m ditu eta desnibela berriz 370m-koa da.
  • Denbora: Geldialdiekin eta lasai ibilita 4 ordu pasatxo.
  • Nola iritsi?: Andoaingo A-15 autobidean zehar joan eta Lekunberriko irteeran irten, bertan Aralarko Mikelen baselizara eta Baraibarrera doan bidea hartzeko.
  • Zailtasuna: Oso erraza, bai teknikotasun aldetik eta baita malda aldetik ere.
  • Ura: Bidean puntu batean soilik aurkituko dugu ura, erdibidean geratzen den Igaratzako zonaldean, beraz, ur-botilak betetzeko toki bikaina.carreteras_04-aralarmoztuta2.jpg