Gaurkoan Euskal Herriko mendikate zaharrenetariko bati buruz arituko natzaizue, bere jatorri paleozoikoa dela eta beste inon aurki ezin genitzakeen materialak dituena, Euskal Herrian granitoz osaturik dagoen mendikate bakarra baita. Aiako Harriako parke naturala Pirinioen jarraipen gisa agertzen zaigu, Gipuzkoaren ekialdean kokaturik. Oso ingurune aldapatsua da, eta horrek ahalbidetu du hainbat espezie bereziren biziraupena, gaur egun oso eskasa den izokinarena kasu. Lurralde zabalagoa hartzen duen arren, bere ezaugarri edo bereizgarri nagusia hiru tontor nagusiak dira: Irumugarrieta, Txumurrurru eta Erroilburu. Honako honetarako igoera deskribatuko dizuet jarraian, Aritxulegiko gainetik abiatuz. Hala ere, informazio gehiago eduki nahi izanez gero, jo ezazue Aiako Harriaren parke naturalaren web orrira.

Erroilburu Aritxulegitik:
Erroilburu Aiako hiru tontorren artean altuena da, bere garaiera 836m-koa delarik. Bere garaiera oso altua ez den arren, honako gailur honek baditu zenbait zailtasun. Izan ere, ez dauka aldapa malkartsu edo “paretarik” gabeko igoerarik, alde guztiak ditu oso aldapatsuak, hauen artean aipagarriena hego-mendebaldekoa izanez, 200 metroko eroraldiarekin. Guk jarraitu genuen bideak, bide errazena eta ongien markaturikoa izatearen abantaila zuen, nahiz eta bustia egonez gero oso labaingarria izan litekeen. Gainera, oso gomendagarria da bidezidorretik ez urruntzea, hori eginez gero igoera asko zaildu bailiteke.

Igoeraren abiapuntura, Aritxulegiko Lepora, errepidez iristen da; alde batetik Oiartzundik Ergoiena edo Lesakarantz hartuz, edota bestela Lesakatik Oiartzun aldera joz. Bi puntu hauen arteko mendatea da Aritxulegi eta ibilbidea mendatearen punturik altuenean dagoen tunelaren ondotik abiatzen da. Honen eskuinetara dagoen pista aurrera joanez iritsiko gara Gudariei ohore egiteko kokatua dagoen oroitarrira. Hau pasa eta aurrera jarraitu beharko dugu, aldapan gora eginez.
200 bat metroko desnibela egin ondoren, bidegurutze batean aurkituko gara. Une honetan ez dugu bidean aurrera egin beharko, ezta ezkerrera ere, eskuinera hartu beharko dugu. Izan ere, aurrerantz joz gero Elurretxe delakora iritsiko gara, eta ezkerrera joz gero berriz, errepidera, honako hau igoera alternatibo bat baita. beste tarte luze samar batean gora eginez Erroilbideren paretaren oinera helduko gara, izen bereko lepora.
Hemen, ezkerretara jo beharko dugu, gainerako bide zailagoak alde batera utziz. Tarte labur batean hemendik jarraitu ondoren, eskuinetara jo beharko dugu, ongi markatutako bizidorrean zig-zag eginez tontorrera iristeko. Bertatik ikuspegia zoragarria da, alde batetik itsaso ingurua, Bidasoa ibaia, Hondarribiako badia, Donostia, Pasaiako portua… Eta beste alde batetik Pirinioak, Saioa, Orhi, Hiru Erregeen Mahaia…
FITXA TEKNIKOA:
- GARAIERA ETA DESNIBELA: Tontor honen desnibela 836m-koa da, baina egin beharreko desnibela 400m ingurukoa. Izan ere, Aritxulegiko mendateak 458m ditu gutxi gorabehera.m
- DENBORA: Ibilbide hau egiteko nahikoa izango da 3 ordu inguru, igo eta jaitsi egiteko.
- ZAILTASUNA: Aparteko zailtasunik ez duen arren, distantzia laburreko ibilbidea izateak oso malkartsu egiten du ibilbidea. Gainera, bidea hezea dagoenean edo bustia dagoenean arretaz ibili behar da erorikoak saihesteko.
- NON JAN EDO OSTATU HARTU: Ibilbide honez gain besteren bat egin nahi izanez gero, aukera ezin hobea eskaintzen du urte guztian irekita dagoen Arritxulo babeslekuak. Bertan bazkari legea egiteko aukera izateaz gain, babesteko, atseden hartzeko eta, nahi izanez gero, ostatu hartzeko aukera dago. Izan ere, taberna-janlekuaz gain beste eraikuntza bat dago, eta bertan kokatzen dira logelak. Hona hemen babeslekuaren edo refugioaren informazioaz gain zenbait ibilbideren ezaugarriak eskaintzen dizkigun web orria, Arritxulo babeslekuarena alegia.
