Sailkatugabeak


Nire alfer izate horri ohore eginez, oporretara joatekoa naiz segituan eta nik uste hilabetez, ezer berezirik gertatzen ez bada behinik behin, bertan behera utziko dudala bloga. Baina lasai egon, ez dut denbora alferrik galduko. Datorren astean Lleidako pirinioetara joatekoa naiz, Boi Taullera, eta Montardo eta Pica d’Estats mendiak igotzeko asmoa dugu. Horrez gain, jadanik prestatzen ari naiz Vignemalera egindako irteeraren argazki presentazioa eta Anie-ko eta Vignemale-ko ibilbideen fitxak. Aipatu dudan bezala Pica de Estatsera igotzeko asmoa dugu eta esan behar dut ilusio berezia egiten didala, Kataluniako tontorrik altuena baita, 3133 metrorekin. Besterik gabe, espero dut irakurle guztiok opor bikainak pasako dituzuela eta datorren urterako, lanerako edo eskolara joateko, indarberriturik itzuliko garela. Baina, oraindik hilabete osoa dugu horretarako mentalizatzeko… Izan ongi!

Ez dakit Euskal Herrian oiartzun handirik izango zuen edo ez, baina atzo hiruzpalau orduz Manhattan osoa blokeo egoeran egon zen. Zergatia? Presio ikaragarrizko lurrin hodi baten leherketa Grand Central tren geltokiaren ondoan. Inguru hori jendez lepo egoten denez eta horrez gain behin baino gehiagotan Al-Kaedaren helburu dela entzun dugunez, segituan pentsatu zuen mundu guztiak irailaren 11 berri baten aurrean geundela. Eta ni berriz zer? Ni ordu hartantxe hantxe tokatu behar, tren geltoki horretantxe NYC-ko bisita amaitu eta EEBB-ko familiara bueltatzeko trenaren zain nengoela. Beno, ez ni bakarrik, guztira 39 bat euskal herritar eta kantabriar, tartean beste ordiziar bat, Maite, lehengo urterarte ikastolako ikaslea. Goizean goiz abiatu ginen Connecticut estatutik trenez, ordu eta erdi inguruko bidaia lasaia egin ondoren iritsi ginen benetan ederra den Grand Central Station honetara. Bertatik Times Squarera joan ginen zuzenean, Empire State eta gainerako eraikin famatuak aurreko irteera batean ikusiak baikenituen. Bertan 2ak arte erosketak egiten ibili eta The Lion King musikala ikusi genuen Broadwayn, zirraragarria benetan. Bertatik irten eta afaltzeko asmotan joan ginen tren geltokira, ondoren (6:45 inguruan) trena hartzeko. Ba esan bezala, 6ak inguru ziren eta gu bertan geunden. Trena 6:44an zen irtetekoa, eta bitarte horretan bertako “ristorante” batean afaltzen ari ginen. Badakizue, errazagoa da italiar izena duen jatetxe bat topatzea beste ezer topatzea baino. Bapo jaten ari ginela dendari bat denda ixten ari zela konturatu ginen eta baita ordura arte jendez gainezka zegoen galeria hutsik zegoela ere, eraikuntza osoa ebakuatzen ari ziren! Milaka pertsona abiatu ginen batera kalera, militarrak, anbulantziak, poliziak, FBI, suhiltzaileak eta helikopteroak nonahi zeudelarik. Gu txoko batean geundenez ez ginen segituan ohartu eta azkenak irten ginen bertatik. Halako aztoramen hartan ohikoa zen lurrean motxilak eta jertseak ikustea, eta jendeak beldurrez begiratzen zien, beste bonba bat egon zitekeelakoan (oraindik atentatua izan zela uste genuen). Nik neuk ere bertan utzi nuen estrenatu berri nuen jertse berria, eta ondoren bila itzuli banintzen ere, birritan itzuli ere, ez nuen topatzerik izan.

Hainbeste polizia ezberdinen artean, eta poliziek airera egindako tiroen eraginez (oraindik argitu gabe dago zergatik), segituan sakabanatu zen talde osoa, eta irten eta ni taldekide batekin batera korrika abiatu nintzen 42. kalean barna. 42. kalean behera begiratu eta polizi kamioiak, anbulantziak, suhiltzaileak, autobusak, taxiak eta horren denaren artean jendea korrika ihesi. Beste aldean berriz kea, lurrina eta hauts marroia nahasian. Hasiera batean leherketa gertatu zen tokitik 100 metrora pasa baginen ere, beldurtuegi geunden begira jarri edo argazkiak ateratzeko. Kale bat aurrera egin genuenean ezkerraldera begiratu eta ke mordoa besterik ez zen ikusten, eta bazterretan jendea mugikorrekin argazkiak ateratzen! Pare bat kale gehiago  urrundu ginen eta erabat izuturik utzi ninduen zerbait ikusi nuen, gizon bat kaltzontzilotan, hauts gisako batez estalirik eta urradura mordoarekin. Gainera sekulako brummm hotsa zegoen, kalteturiko eraikina gainera erori behar balitzaigu bezalakoa.

 

Uste dut horixe izan zela gehien beldurrarazi ninduena; hori, edo teilatu batean SWAT-ekoak ziruditen 4-5 frankotiradore ikustea.  Geroxeago ohartu ginen zaratots hori bueltaka zebiltzan helikoptero mordoarena zela. Txoko batera joan eta eseri egin ginen, pixka bat lasaitzen saiatzeko. Orduan ohartu nintzen jertsea galdu nuela eta oso urrun ez zela uste nuenez, apur bat atzeraka hasi ginen, eta eskerrak! Jada biok uste genuen leherkari bat edo izan zela, eraso bat dudarik gabe, eta autobusen bat edo taxiren bat hartzera gindoazen handik urrun ihes egiteko taldekideak ikusi genituenean. Gerora argitu ziguten lurrin hodi bat izan zela, eta zerutik erortzen zen hautsa estoldetako zikinkeria zela, horregatik garbitu behar izan ginen etxera heltzean! Hala eta guztiz ere oraindik ez dago argi hauts-lokatz hori kaltegarria izan litekeen edo ez, zenbait azterketatan amianto arrastoak topatu baitituzte. Dena dela ni behintzat ez nintzen gehiegi zikindu, beste batzuekin alderatuz. Gure gidak handik urrundu gintuen eta azkenean Grand Central Stationera beste tren sarrera batetik (eta luze ibili ondoren) sartu ondoren lortu genuen 7:45k aldera trena hartu eta alde egitea. Tren geltokia horren azkar irekitzea erasoaren aukera segituan baztertu izana izan zen, baina onartu behar dut nik argi nuela gaua bertan igaro beharko genuela. Alde horretatik behintzat erantzuna berehalakoa izan zen. Uste dut ez dudala halako beldurrik inoiz pasa. Jendea negarrez kale bazterretan, denak mobiletik deika, korrika, kaosa hitz batean. Zorionez ez zen ezer gehiago izan eta eskerrak. Esperientzia bortitza izan zela behintzat ezin ukatu! Eta hori bai, gaur bertan joan naiz atzo galdu nuen jertse berdina erostera, benetan gogokoa bainuen eta orain gainera balio historikoa izango du niretzat!

PD: Hona hemen argazki bilduma dotore bat eta krokis gisako batzuk.

http://www.nytimes.com/2007/07/19/nyregion/19scene.html?hp

http://www.nytimes.com/imagepages/2007/07/19/nyregion/20070719_EXPLODE_MAP.html

http://www.nytimes.com/slideshow/2007/07/18/nyregion/20070719_EXPLODE_slideshow_1.html

Pasa berri den Igande honetan goizeko bostetan jaiki eta Pirinioetara abiatu ginen, Euskal Herriarekin muga egiten duen eta euskal pirinioetako inguru ederrenetako batean kokaturik dagoen Anie edo Auñamendi igotzeko. Bertara goizeko 8tan iritsi ginen eta kafesne beroa eta gailetak gosaldu ondoren abiatu ginen, 8:30etan. Ibilbidea eta gainerako aholku eta datuak beste post batean argitaratuko ditut, ohikoa dudan gisan, hala ere, esan argazkietan ikusi daitekeela eguraldi bikaina izan genuela, gailurrera iritsi eta beheraka abiatu ginen bitartean behintzat. Aipagarria den beste gauzetariko bat da ekainean eta udaren atarian garen arren, oraindik ere elur ugari zela, gerritik gora zenbait tokitan. Besterik gabe, hementxe dituzue argazkiak, eta ea ibilbidearen deskribapena laster prestatzen dudan…

Aldiz, irteera honetako bideoak ikusi nahi izanez gero, hemen duzue lehenengoa eta hemen bigarrena.

Aurtengo neguan mendiari loturiko albisteen berri izan dugunean zer edo zer entzun badugu, ski-estazioetako arduradunek elur eskasiaren inguruan luzatu dituzten deien inguruan izan da. Behin baino gehiagotan entzun ahal izan ditugu euren etengabeko larrialdi oihuak, elurrik ez dela, egoerak txarrerako joera duela… Eta, izan ere, ez dabiltza batera oker. Jada eguneroko eta ia familiarteko bilakatu zaigun berotegi efektua da honen eragilea.

Zenbaitek hala uste ez arren, aldaketa klimatikoa bene-benetakoa da eta argi dago eragin izugarriak eta aldi berean ezustekoak eragingo dituela lurrean, batez ere bizi garen eta izango garen XXI. mende honetan. Gainean dugun errealitatea oso gogorra dela ikus bagenezake ere, are eta okerragoak dira azken egunotan Parisen egindako goi-konferentzian ezagutzera emandako datuak: prezipitazioak %3-%15 handituko diren arren, lurreko tenperatura 1,5-2ºC igoko da mende erdirakoe eta beste horrenbeste mende amaierarako. Datozen egunetan gai horixe jorratuk dut nire blogean, besteak beste, klima aldaketaren erantzuleak, ondorioak, neurriak etab. aztertuko ditut. Baina, Pirinioetako ski-estazioak benetako desagertzera kondenaturik ote daude?

(Informazioa: cambio climático global webetik)

Biharamuna da, hau burukomina, zerk esnatu ote nau? Aaaaa, bai. Telefonoa izan da, erantzun beharko dut.

-Bai esan?

-Nabil jauna al zara?

-Bai. Zer behar duzu?

-Aljeriako gerran zauritutakoak artatzeko eta zaintzeko agentziatik deitzen dizut. Zu zara Nabil beraz, bi zangoak galdu zituena.

-Bai, neu naiz.

-Gogoratuko duzunez, duela 15 urtetik hona gerran elbarritutakoei zegokien pentsioa jasotzen duzu, baina Frantziako Gobernuak agentzia honetara bideratzen zuen dirua beste zerbaitetan erabiltzea erabaki duenez, hemendik aurrera gainerako erretiratuek jasotzen duten erretreta berdina jasoko duzu. Sentitzen dut.

-Nola? Baina kontutan izan al duzue ni gutxitua naizela, bi hankak falta zaizkit!

-Sentitzen dut jauna, baina hori da egun dugun ego…. Piiiiiii….

Ezin uler dezaket nolatan egin nuen borroka frantses ejertzitoan, ordainetan honelako kaka pila jasotzeko? Doazela pikutara denak, eta eraman ditzatela eurekin “Fraternité, Égalité, Liberté” eta gezur nazkante horiek guztiak.

Gaueko hamaikak inguru dira, eta loaren atzaparretan ez erortzearren, Louise zaintzaileak prestaturiko kafe goxoari zurrutadatxo txikiak ematen ari naiz. Gaurko gaua atzokoa bezalakoa bada, ezer gutxi egin ahal izango dut lo hartu ahal izateko, beraz onena esna mantentzen saiatzea da, kalean, ziurrenik, gertatuko diren borrokak ikusiz.

Etxe aurreko zuhaiztian zehar begiratu eta Yossef ikusi dut berriz ere, oraingoan ere etxerantz joango da, beste egun bat alferrik galdu duelako sentsazioarekin. Nire leihoaren parean kalea gurutzatu duenean, buruaz keinu bat egin dit, agur gisa. Bere aurpegiko eta begietako espresioaren berezitasunak bere barnean aldaketaren bat jazo delako susmoa piztu dit, beste norbaiten begirada galdu eta esperantza gabearen antza hartu baitu bere begiradak. Bart preso egin zutenetako baten etsipenezko begiradaren antza du. Une horretan burua jiratu du, nire begirada saihestuz, bere egoeraz ohartu naizela jakingo balu bezala, pentsatzen ari dena jakiteko gai naizela uste balu bezala.

Goizaldeko ordu bata da, kanpandorreko kanpai-hotsak behin bakarrik egin baitu burrunba gure auzuneko kale eta bazter hutsen artean. Lasaitasuna da nagusi kalean oraingoz, baina gaurkoa ere ez ote den belztuko beldur naiz.

Iluntasunaren mugarantz begiratu eta burua zapiez estalirik eta makurturik korrika datozen zenbait gazte ikusi ditut. Jantzirik daramatzaten adidas galtzen barrenak zuloz josirik eta aurpegiak neguko bufanda zaharrez estalirik lasterka bizian datoz zenbait auto kalean gurutzaturik dauden tokira. Bertara iritsi baino lehen jendarmeen ibilgailu blindatu bat bihurgunean agertu da, ziztu bizian gazteen atzetik abiatu delarik.

Gazteek, ibilgailuaren gertutasuna ikusirik, nire pare-parean dauden autoen atzean babestea erabaki dute, eta jendarmeak igarotzea eragozteko bizkar-zorroetan zeramatzaten erregai botilak atera eta autoak busti dituzte, beste gazte batzuek kristalak apurtzen dituzten bitartean. Jendarmeen gertutasuna ikusirik, presaka su ematen hasi dira, eta horretan ari zirelarik sua auto batetik erregai hondar batean zehar gazteetako baten oineraino iritsi dela ohartu naiz, eta hura ohartzerako sutan hasi dela. Gainerakoak jendarmeen gertutasunaz jabetu eta lasterka abiatu dira. Sutan dagoen mutila, ordea, lurrean dabil arrastaka, herio zoroan, suak errukirik gabe bere hanka irensten dion bitartean.

Lurrean etzanda dagoen gaztearen egoeraz jabeturik, ibilgailutik gizon bat irten da, eta ziztu batean abiatu da lurreko gaztearen gainera, ezohiko amorruz. Haren aurrera iristean barre algara ozena egin du, ezaguna zaidan barre algara… Merovingo sarjentua da! Bere bisaian keinu arraro bat nabaritu dut, erdi erotuta egongo balitz bezala. Lurrean sutan dagoen gaztea itzaltzen saiatu beharrean, lepotik heldu dio zakarki, eta lurretik apur bat altxaturik duenean aurpegiko zapia kendu dio, bere nortasuna agirian utziz. Youssef da! Pierrek orduan, indar kontrolaezin baten mende balego bezala, zorrotik borra atera eta bere buruaz gaindi altxatu du, mehatxu eginez.

-Hara, hara…. Gure atzoko mozkor txikia da eta. Oraintxe bertan bidaliko zaitut mozkorraldi horiengatik hire jainkoarekin gauzak argitzera. Jajajaja!

-Ez, mesedez ez. Ez nazazu hil, ez naz…

Bat-batean Youssefen ahotsa eten duen kolpe gogor eta lehor bat aditu da, Youssefen garezurrak mila puskatan haustean egindakoa. Pierrek, eroaldiak zeharo jota, Youssefen gorpua askatu eta errepidearen gainean utzi du, odol epela bere bekokian behera irristatzen den bitartean eta bere gorputza sugarrek jaten duten bitartean. Poliki-poliki borra zorroan gorde du, barre egiteari utzi gabe.

Hau zorigaitza, beti izango da berdin… Inoiz ez dugu duintasun eta justizia apur bat lortuko. Ezin dezaket honela jarraitu, iluntasunean eskua mahai gainera luzatu eta ginebra botila bat aurkitu dut, bitan pentsatu barik bi tragotan hustu dut, burua aztoratzen didaten pentsamenduak erauzi eta lo sakon batean erortzeko.

Goizeko 11:00ak dira eta Pierre ohetik jaiki nahian ari da, egunetik egunera denbora gehiago kostatzen zaion arren. Urteen poderioz zahartzen ari den sentipenak egunetik egunera amorrazio handiagoa eragiten dio. Jaiki eta komunera joan da, lasaigarriren bat edo hartzera, atzoko eta aurreko egunetako istiluetan jasotako kolpeen ubeldurek eragiten dioten mina kentzeko asmoz. Atzo gaueko lanaren gogortasunaren aztarnak nabari zaizkio oraindik ere azalean, erredurak, ebakiak… Herritar guztien zerbitzura egon behar omen du, baina argi du berak zer egingo lukeen arabiar zikin horiekin guztiekin: euren jaioterrietara bidali zuzenean, alajaina!

Komunera joan eta nagiak kentzeko aurpegia urarekin garbitu ondoren, leihorantz hurbildu da, bere etxebizitzako balkoira irten eta L’arc de Triomphe ikusi du bere leihoaren aurrean parez pare. Kalera begiratu eta lasaitasuna dela nagusi ikusi du, eskerrak emanez Victor Hugo etorbidean bizi delako eta ez auzo gatazkatsuetako batean. Logelara itzuli eta sukaldera joan da, bere emazte Marie-ri kasu egiteko, musu bat eman eta Le Monde irakurtzen hasi da, orriak batera eta bestera mugituz, istiluen berri ematen duen erreportajea aurkitu arte. Mariek bere besoko zauri baten itxura txarraz oharturik, honela galdetu dio:

-Zer moduz atzo gauean, lan handirik izan al zenuten telebistan agertu diren kabroi horiek guztiak atxilotzen?

-Nahi baino gehiago, gau guztia pasa genuen atxilotu nahian eta hala eta guztiz ere bi soilik harrapatu ditugu. Arratoiek bezala egiten dute ihes, zirrikitu guztiak ezagutzen dituzte eta.

-Eman bada, jo itzazue eta ondoren atxilotu.

-Ez da horren sinplea, kamara mordoa egon ohi da ingurumarietan begira, eta jipoi bat ematen ari garela filmatuko bagintuzte… Hori bai, gaur gauean ez diet barkatuko, baten bati muturra txikitu behar diot.

-Eman, eman zantar horiei. Espero dut den-denak akabatuko dituzula!

Croissant bat jan eta kafesne bero bat hartu ondoren, lanera abiatu da Pierre, garajera jaitsi eta bere BMW berrian igo da. Zenbat atsegin duen motorraren hotsa eta dardara sentitzea, zelako boterea eskuartean. Gainerako autoen artean gidatu eta kale zabal eta errepide hutsetan barrena abiatu da, inortxo ere ez baita ausartzen autoa babespetik ateratzera. Ziztu batean Champes Elisseés igaro eta Charles de Gaulleren etorbidean zehar doa polizia-etxerako bidean.

Polizia-etxe atzealdean autoa utzi ostean, barnera joan da. Bere bulegorainoko bidea egin du lankideen aurpegi gogogabe eta nazkatuak ikusten dituen bitartean. Bere bulegora sartu eta larruzko aulkian eseri da, aurreko gaueko istiluak berriz errepikatzeko joera duten toki arriskutsuenen inguruko informazioa jasotzen duen bitartean. Gaur gauean Clichy sous Bois-ra joatea egokitu zaie, Parisko auzo marjinalenetako batera, hain zuzen ere. Kafe-makinara joan, urdaiazpiko bokadilo bat eta ardo botila txiki bat erosi eta bulegora itzuli da. Bere bazkari xumea egin ondoren, berokia aurpegia estaliz jarri eta siesta egiten geratu da, gauean edukiko duen lan gogorrean pentsatuz, bere buruari gogorrago jokatu behar duela esanez…

Hona hemen Igaratzan 2005eko ekainean egin genuen egonaldiko zenbait argazki, “espedizio” honetan parte hartu genuenok, meritu bereziko zerbait egin genuen: mendi bati izena jarri genion, Ttukunarri hain zuzen ere. Honako mendi honek 1273m-ko garaiera du, eta Pardarriren magalean dago kokatua. Mendi hura idetifikagarria izan zedin berriz, gurutze gisako bat paratu genuen tontorrean, honela “gure” mendia lau haizeetara zabaltzeko helburuarekin, benetan ederra baita tontor hau.

Larunbat honetan eta, egia esan behar bada, goiz samar, Euskal Herri osoa zeharkatzen ari den Korrikak egin zigun bisita. Aurtengo honetan Korrikaren 15. edizioa da ospatzen ari dena, Karrantzan eman zitzaion hasiera ostiralean eta apirilaren 1a arte herriz herri eta bidez bide ibiliko da euskararen mezua zabaltzen. Aurten AEKren helburua euskal emakumea omentzea izan da, mendeetan zehar euskararen eta euskal kulturaren transmisioa ziurtatzerakoan izan duen garrantzia ezagutarazteko. Araban barrena ibili eta Gasteiztik pasa ondoren, Goierrin sartu zen Korrika larunbatean oraindik ilun zela. Segura, Idiazabal, Lazkao eta abarretatik igaro ondoren, Ordizian CAFen zehar sartu zen lekukoa, sekulako jendetza zegoelarik zain. Guk, ikastolako ikasleok, gure hondar alea jartzeko bidean kilometro bat erosi genuen, eta larunbatean niri egokitu zitzaidan lekukoa eramatea. Ezin imajina dezakezu zelako tentsioa jasan nuen! Ibilbidean zehar hainbat eta hainbat aldarrikapen ikusi ziren, AHTren aurkakoak, presoen aldekoak, Oianguko golf eta hotel proiektuaren aurkakoak… Goiz-goiz altxatu zen jende horri guztiari sari bat eman nahian, Ordiziako Korrika batzordekook txokolate-jana prestatzea erabaki genuen, honela hotzari eta eguraldi txarrari aurre egin eta gorputzak epeltzeko. Blai eginda eta hotzak dardarka iritsi baginen ere, korrikalari gehienok elkartu ginen Plaza Nagusian, eta txokolate beroa esku batean eta tostada goxoak bestean, giro bikaina sortu zen herriko plazan.

Heldu Korrikari, heldu Herriari, heldu euskarari!!

P.D. Argazki gehiago ikusi nahiz gero, sartu Korrika15en webgunean.

DSC01872

Next Page »