Thu 22 Mar 2007
Fraternité, Égalité, Liberté (bigarren atala)
Posted by eagirre under Istoriotxoak, Sailkatugabeak
No Comments
Hurrengo goizean, gogo handirik gabe, egunerokoa bilakatu zaion moteltasun eta ezintasunak bizi-energia guztia ostuko balio bezala, jaiki egin behar du Youssefek ohetik. Begirada lausoa ohe ondoko erlojuan pausatu du, 6:30. Tira, oraindik goiz dabil, agian metroan zentimorik ere gastatu gabe joan ahal izango da elkarrizketara. Izan ere, hil amaiera den honetan ez luke nahi gurasoei berriz ere dirurik eskatu beharra izaterik. Bestela ere izango baitute nahiko nahigabe.
Ohetik jaiki eta bere arropa zahar eta zarpailduak jantzi beharko ditu. Nazka ere ematen diote, baina ezin kexatuko da, egongo baita bera baino okerrago egongo denik ere. Isil-isilik ibiltzen saiatu da, ez litzaioke gustatuko Abdesamad esnatzea, gozoa egongo baita bere azken droga kargamentua iritsi ez dela ikustean. Bere ondotik igaro da eta badirudi ez dela ohartu ere egin, nahiz eta ezin uler dezakeen nola lo egin dezakeen gainean daraman alkohol usain nazkagarri horrekin. Berriz ere aurreko gauean eraman zion vodka erabiliko zuen bere nahigabe guztiak hustutzeko, gizajoa!. Begiratzera ausartu ez den arren, bere buru azpian nabari den distira xiringa odoleztatu batena dela iruditu zaio. Egia esan, Abdesamad alferrik galtzen ari dela uste du Youssefek.
Etxetik irten da eta eskailera ilun eta okerretan behera egin ahala, kalean sekulako erre usaina dagoela ohartu da. Ez zuen uste atzo gaueko istiluek honelako eraginik izango zutenik, azken egunetako bortitzenak izan zirela bazekien, baina nabari da azkenean gazte asko direla gainezka egin eta beren ahotsa modu honetan entzunarazteko erabakia hartu dutenak. Alde batera begiratu eta suhiltzaileak ikusi ditu auto batzuen hondakin goriei ura jaurtiz, eta beste aldean berriz, buruan zauriak dituzten eta eskuburdinez loturik dauden gazte bi ikusi ditu lurrean, jendarmeen begirada zorrotzaren pean.
Erlojuari begiratu eta ohartu da hobe duela ahal bezain laster mugitzea, garaiz iritsi nahi badu behintzat langabeen agentziako bulegoan duen hitzordura. 6:39 dira, bere erloju zaharkituaren arabera beti ere. Hobe izango du lasterka hasi metro geltokira ailegatu artean behinik behin.
Ziztu batean egiten ari da geltokirainoko falta zaizkion metro apurrak; baina iristean, a zer nolako ezustekoa hartu duena, gauean izandako istiluen ondorioz trenbidea mozturik baitago matxura dela eta. Nolatan ez dira bada, ohartu garraiobide nagusia bertan behera utzita, euren buruei egin dietela kalte gehien?
6:48. Nola lortuko ote du 7:00etarako bulegora iristea? Ez dauka taxia hartzeko lain dirurik, baina bertara iristea ezinbestekoa zaio, eskainiko dioten lanpostua beste langabe bati ematea nahi ez badu behintzat. Taxia zein metroa ez dabilenez, lasterka joan beste aukerarik ez duela iruditu zaio. Bat bi bat bi, ez dirudi horren nekagarria ere izan behar duenik, agian ez da 7:00ak puntuan iritsiko, baina badirudi bere atzerapena ez dela uste zuena bezainbestekoa izango.
Hamabost minutu igaroak dira eta oraindik ere Clichy Sous Bois auzunean dagoela adierazten dion seinalea pasa berri du. Horrek esan nahi du oraindik ere gutxienez 3km ingurura dagoela. Kaka zaharra! Gainera, izerdi patsetan hasia da eta ez luke nahi horren ondorioz sortuko duen lehen itxura txarra izatea. Beno, orain lehentasuna korrika azkar egiteak dauka, bere herrikide den Hicham el-Guerroujek bezain azkar korri egiteko ahalmena edukiko balu bai ongi, baina zoritxarrez ezinean doa, arnasestuka, ito beharrean.
7:26 dira eta dagoeneko begi bistan dauka bulegoa, bertara iritsi eta aurrera egiteko eskaera egin dio andre lodi batek, atzerapenagatik barkamena eskatzeko aukerarik eman ere egin gabe. Mahaian esertzeko eskatu dio, inongo errespeturik erakutsi gabe. Youssefen barrenak ernegatzen hasiak diren arren, bere buruari eusteko ahalegin berezia egiten ari da. Baina idazkariak bere bizilekuaren inguruan galdetu dionean sutan jarri da, betiko istorio bera izango da, baina berak argi eta garbi erantzun dio Clichy sous Boisen bizi dela, eta ez orain arte esana zuen bezala gurasoen etxean. Hori entzutean idazkariaren aurpegia zeharo aldatu eta errespetu faltatik nazkara igaro da, lanaren urruntasuna dela eta, ez dela lan horretarako egokiena argitu dio eta ondorioz beste egun batean itzultzeko, agian beste lanposturen bat sortuko delako. “Pikutara lanpostuak!” oihukatu eta salto batez zutitu da Youssef, begirada goibel baina bihotza erresuminduta duelarik.
Purrustaka eta garrasika irten da Youssef bulegotik, amorru bizian, bere auzunearen izena dela eta lanik zergatik ezin dezakeen izan ulertu ezinik. Bidegabekeria horrek gogoa eta arrazoia aztoratzen dizkio, eta sentitzen duen ezintasunaren aurrean bere ahotsa entzunaraztea erabaki du, orain bai, orain uler ditzake gauetan autoak erretzen dituzten gazteen portaera muturrekoak. Ulertu soilik ez, zer edo zer egin eta egoera honi amaiera emateko behar hori ere sentitzen du Youssefek.


